Lurraldebuseko E31 linea berriak Oiartzun eta Errenteria Donostiako ospitale-eremuarekin lotuko ditu irailaren 1etik aurrera

Irailaren 1etik aurrera, Lurraldebuseko erabiltzaileek aukera berri bat izango dute Oiartzun, Errenteria eta Donostiako ospitale-eremuaren artean mugitzeko. E31 linea berria lanera joateko nahiz osasun-zerbitzuetara iristeko sortu da, joan-etorriak erosoagoak eta irisgarriagoak izan daitezen, ibilgailu pribatuaren edo hirugarrenen menpe egon beharrik gabe.

Ibilbideak Donostiako osasun-gune nagusiak lotzen ditu, besteak beste Donostia Ospitalea, Onkologikoa, Poliklinika eta Mikeletegi (Miramon), eta, horrela, Gipuzkoako osasun eta enplegu gune nagusietako batera iristeko lotura zuzena eskaintzen du.

E31 lineak astelehenetik igandera, jaiegunetan ere, emango du zerbitzua. Goizeko lehen ordutik gaueko azken ordura arte izango ditu irteerak, eta eguneko tarte nagusietan 60 minuturo ibiliko da, laneko zein osasun-arrazoiengatik egiten diren joan-etorriak erraztuz.

Linea berri honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentuak herritarrekin hartutako konpromisoa betetzen du, ospitale-eremurako mugikortasuna hobetuz eta garraio publiko irisgarri, jasangarri eta eraginkorrago baten alde eginez.

E31 linea, ordutegiak eta ibilbidea:
E31 – Oiartzun > Errenteria > Donostia (Ospitaleak)