GIPUZKOAKO BIDAIAREN ERREPIDE BIDEZKO GARRAIO ZERBITZU ERREGULARREN ERREGELAMENDUA
18. artikulua. Fardelak eta ekipajea
1. Bidaiariek, lekualdatzen direnean, pakete edo objektu txikiak edo gainerako eskuko fardelak eramateko eskubidea izango dute, betiere gainerako bidaiariei eragozpenik edo arriskurik sortzen ez badiete eta ibilgailuan dauden plazak murrizten ez badituzte.
Oro har, ez da onartuko bidaiariek 100 x 60 x 25 cm-ko neurria gainditzen duten fardel, ekipaje edo bidaia-maletarik eramatea.
Zutik doazen bidaiariak onartzen diren garraiobideetan, fardel edo ekipaje onargarriak izango dira eskuarki erabili eta onartzen direnak, hala nola erosketako orgak, tolestuta dauden bizikleta tolesgarriak, haur-kotxe eta -aulki tolestuak edo antzekoak, aurreko paragrafoan adierazitako neurriez bestelakoak izan ditzaketenak, dituzten ezaugarrien arabera.
Nolanahi ere, bidaiariak behar bezala heldu beharko die sartzen dituen fardelei eta ekipajeari, ibilgailura igotzen den unetik hasi eta bertatik irten den arte.
Ibilgailuko sarrera eta irteeretan, ibiltzeko zonetan, erreserbatutako espazioetan edo gelditzeko orduan eragozpenak sortzen dituzten objektu edo fardelak ezingo dira inolaz ere lurrean utzi.
Maletategia duten ibilgailuetan, nahitaezkoa izango da toki hori erabiltzea ibilgailuaren barruan fardelak uzteko erreserbatutako espazioarenak (barruko erretiluak) baino neurri andiagoak dituzten fardelak uzteko, eta doakoa izango da garraio-titulua duen bidaiari bakoitzeko 15 kilo gainditzen ez dituzten ekipajeak garraiatzea.
Fardela edo ekipajea behar bezala paketatuta egongo da ibilgailuko maletategian gordetzeko, hau da, bidaia egitean ekipajearen edukia maletategian barreiatzea edo gainerako fardelak kaltetzea saihesteko moduan.
Istripuen edo bestelako kausen ondorioz ekipajeek kalteak edo galerak pairatzen dituztenean, zerbitzu publikoa ematen duten enpresa eragileen erantzukizuna bidaiarien eskubideei buruz indarrean dagoen legerian ezarritakora mugatuko da, betiere bidaiarientzat berariaz zenbateko handiagoak edo baldintza hobeak adosten ez badira.
Eskuko fardelak daramatzan bidaiariari egokituko zaio ekipaje hori zaintzea, eta, ondorioz, bidaiari horren kontura izango dira ibilgailuaren barruan egon bitartean ekipajeak paira edo sor ditzakeen kalteak, betiere garraio-enpresa eragilearen erantzukizuna frogatzen ez bada. Frogatuz gero, ezargarriak izango dira indarrean dagoen legeriak ekipajeei dagokienez xedatzen dituen mugak.
2. Zutik bidaiatzea dagoen ibilgailuetan, bidaiariek eskubidea izango dute kirola egin eta aisialdian erabiltzen diren objektu edo fardelak edo horien antzekoak direnak eta bigarren paragrafoan aurreikusitako neurriak gainditzen dituztenak eramateko (adibidez, surfeko oholak, eskiak, musika-tresnak edota antzekoak), betiere horretarako nahiko espazioa badago, aulki gurpildunak edo kotxe edo haur-aulkiak uzteko erreserbatutako espaziora iristea eragozten ez badute, eta igarotzeko eta sartu-irteteko lekuetan trabarik egiten ez badute, eta halaber, pertsona bakar batek garraiatzeko modukoak badira, bi metroko garaiera gainditzen ez badute, eta dagokien zorroak babestuta badaude. Espazio nahikoaren inguruko eztabaida sortzen bada, gidariaren irizpidea nagusituko da.
Fardela daraman bidaiariak bertikalean mantenduko du, gainerako bidaiariei eragozpenik sortu gabe edota bidaiarien zirkulazioan trabarik egin gabe, bai sartu eta irtetean, bai ibilgailuaren barruan.
Maletategia duten ibilgailuetan, objektu horiek bertan utziko dira, zorroan behar bezala sartuta.
Fardelak eramaten dituen pertsona izango da adierazitako objektuek pertsonei edo ondasunei sor diezazkieketen kalteen erantzule, betiere egindako kaltean garraio-enpresa eragileak erantzukizunik ez duela frogatzen bada.